'Guernica'
Munduak gure adimenak jasan dezakeen abiadura aspaldi gainditu duen garaiotan, egunero “gertaera historikoak” ditugu orrialde honetan. Data hurbil bat jartzearren, Frantzisko aita santua hil zenetik, kontua galdu dugu zenbat gertakari historiko jazo diren. Eta bizi dugun oro historiko bihurtzen dugunean, ezer ez da historikoa. Erakundeetatatik gizartea zer garen eta zer gertatzen zaigun azaltzeko dabilen errelatogintzak behar du dena historiko izatea. Norbanako askoren sare sozialetan dena da berezi, dena da historiko. Horrela erretzen dute askok bizitza, egunetik egunera gauza desberdinago eta bereziago gehiago behar izanda. Aktualitate informatiboan ere antzera gabiltza. Egunero bada mundua bukatzear dagoeneko lerrobururen bat: Venezuela, Ukraina, Groenlandia, NATO edo Ormuz. Urrutira joan gabe eta geure tamainan, gurean ere badugu gure gai jario azkarra. Bizirik gaudenaren seinale. Azkenekoa ‘Guernica’ margolana da. Pradales lehendakariak arrazoi du Bilbon emandako Aberri Eguneko hitzartzean Madrilgo boterearen jarrera salatzen duenean. “Gai izan ziren Franco bere hilobitik ateratzeko eta ez ‘'Guernica’ ekartzeko?”. Sánchezen Gobernuaren esperoan, Díaz Ayusok ohiko bidetik erantzun du. Haratago bagoaz, galdera erretoriko on honek argi dabilen herritar orok ikusten duen gabezia erakusten du. Politikagintzan neurri desberdinekin aritzearena.
