menu_open Columnists
We use cookies to provide some features and experiences in QOSHE

More information  .  Close

Urardotu

13 0
22.03.2026

Ez da izan kulturarik eta hizkuntzarik gizateriaren historian ezagutza-galeraren beldurrik izan ez duenik, transmisio-ahultasunaren lekukotasunik utzi ez duenik, kalitatearen pobretzeaz eta belaunaldi gazteen “axolagabekeriaz” kezkatu eta asaldatu ez denik. Itzulbiderik gabeko galera, askoren aburuz, bizi beharrak eragindako ezinbesteko automoldaketa beste hainbatenez. Nolanahi ere, arta eta lanketa eskatzen duen afera.

Greziar klasikoek ordurako sumatzen zuten transmisio-bideak aldatzean zerbait galtzen dela. Platonek idazketaren asmakuntza bera ere kritikatu egin zuen, idazkerak oroimena galaraziko zuen beldurrez. 

Luis Mari Zaldua Euskal Filologian doktorea da, eta euskaltzain urgazlea. Hizkuntzaren xarmak eta kezkak darabil. Mari Karmen Etxabe du ama, Zaldibiako Goroskindegi baserriko alaba, aspaldixko Urnietara lekualdatua baina. Haren hizkuntza aberatsak Luis Mariri miresmena eta arrangura sortzen dizkio, ia neurri berean: miresmena, loriatzen baitute haren hiztegi, esamolde, atsotitz eta egitura aski dotore eta eredugarriek; arrangura, ohartu baita amaren altxorra asko indargetu eta lausotu dela belaunaldi bakarrean. Galera horren zioak ulertzen saiatu da: “hura baserritarra eta ni kalekumea izateak zenbaterainoko eragina ote?” galdeginik bere buruari, Goroskindegi ondo-ondoan eta baserriko jardueratik bizi den lehengusuarengana jo zuen. Amari bildutako 89 hitz, 18 esapide, 16 esaera eta 17 atsotitz erabili zituen inkestarako (140 sarrera). Lehengusu baserritarrak horietatik ezagutzen zituenak: 12 hitz, 2 esapide eta 2 esaera. 140tik 16 baino ez!

Platonentzat idazkera zen arrisku. Hark antzinako greziera mintzo zuen, garai eta herrialde hartan guztiz nagusi zen mintzaira. 2.500 urte geroago, estaturik gabeko nazio txiki honetako kulturak, nortasunak eta hizkuntzak dena dute mehatxu (eta aukera, menturaz!): pantailak –euskaraz goza ez daitezkeenak batez ere–, idazkera birtuala, harreman-moduak, adimen artifiziala, digitalizazioaren desoreka, kulturaren kontsumo globalizatua, motibazio eta prestigio arazoak, ofizialtasunik gabeko eremuak, politika eta estrategia bateraturik eza, transmisioaren galera, euskal kontzientziaren urardotzea... eta, denek gainetik, axolagabekeria eta beste aldera begiratzea.


© Noticias de Gipuzkoa